martes, 26 de octubre de 2010

historia

Bilbao FC, Athletic Club eta Bizkaia
Sakontzeko, irakurri: Bizcaya (futbol taldea)
Lamiako futbol zelaia, Athleticen lehendabiziko zelaien bat.
Futbola Bilbora jokalari talde bik eraman zuten, biek Erresuma Batuarekin lotura zutenak: altzairugintza eta itsas-merkataritzan aritutako langile britainiarrak eta Erresuma Batuko eskoletatik itzulitako euskal ikasleak. 1890eko hamarkadaren hasieran langileek Bilbao Football Club izeneko taldean sortu zuten. Tartean 1898an Zamacois Gimnasio inguruan zebiltzan ikasleek Athletic Club sortu zuten. 1901ean Bilboko Cafe Garcia eginiko biltzar batean estatutuak onartuak izan ziren.
1902an Bilboko klub biek elkartu eta Bizcaya izeneko taldea sortu zuten, lehendabiziko Espainiako Futbol Errege Kopan parte hartzeko. Garaipena lortu zuten finalean FC Barcelona mendean hartu eta gero. 1903an klub biek bat egin zuten eta Athletic Club de Bilbao izena jarri zioten klub berriari. Urte berean, Madrilen zeuden euskal ikasle talde batek Athletic Club de Madrid sortu zuen, gero Atlético Madrid izango zena. Klubaren jaiotze datak eztabaida piztu izan du futbol historialarien artean: klubak berak 1898. urtea dela esaten du, beste batzuek 1901. urtea aukeratzen dute eta gainontzekoek, berriz, 1903. urtearen alde egiten dute.

 Errege Kopa

Klubaren lehendabiziko garaipenak sorberria zen Espainiako Futbol Errege Kopa lehiaketan izan ziren. 1902an Bizcayak lortutako garaipenaren ondoren, sorberria zen Athleticek berriro 1903an irabazi zuen. 1904an garaipena lortu zuten aurkaria zuten Club Español de Madrid partidara agertu ez zelako. 1907an Bizcaya izena berpiztu zuten Union Vizcaino taldearekin elkartea sortuz. Lehiaketa berriro 1911n, eta hirutan segidan, 1914 eta 1916 artean, irabazi zituen. Orduko izarra Pichichi golegilea zen, 1913ko abuztuaren 21ean San Mameseko irekieran lehendabiziko gola eta 1915eko finalean hat-trick lortu zituena. Bere omenez egungo Ligako golegile nagusiak Pichichi Saria lortzen du.

 Liga hasiberria

1920ko hamarkadako euskal klub nagusiak Athletic Club, Real Unión, Getxoko Arenas eta Real Sociedad ziren. Laukote honek 1928an Espainiako Futbol Liga Txapelketa sortu zuten. 1930ean Deportivo Alaves igo ondoren, Lehen Mailako hamar klubetako bostak euskaldunak ziren. Orduan gaztelaniaz "Con cantera y afición, no hace falta importación" (euskaraz: "Harrobia eta zaleekin, inportazioa ez da beharrezkoa") esateari ekin zioten, Athleticek bere filosofiaren lema izango zuena.

 Onddo-kapelua

1921ean Fred Pentland izeneko entrenatzaile berri bat etorri zen Racing Santander taldetik. 1923an Athleticek Errege Kopan garaipena lortu zuen, modu iraultzaile erabiliz gainera: pase laburra. 1927an Athletic utzi eta Athletic Madrid, Real Oviedo eta Espainiaren entrenatzailea izan zen. 1929an Bilbora itzuli eta Athleticek Liga/Errege Kopa dobletea egin zuen bitan, 1930 eta 1931an hain zuzen ere. Klubak lau aldiz segidan irabazi zuen Errege Kopa 1930 eta 1933 artean eta Liga 1932 eta 1933an. 1931an Athleticek bere garaipen luzeena lortu zuen, FC Barcelona 12-1 irabaziz.

 Atlético Bilbao

Mosaikoa San Mamesen.
1941an kluba izenaz aldatu behar zuten, Francisco Francok agindutako dekretu baten arabera, gaztelaniazkoak ez ziren izenak galarazita zeuden eta horrela klubari Atlético Bilbao izena jarri zioten. Urte berean klubeko historiako golegile nagusiak bere debuta egin zuen: Telmo Zarraonaindia, hurrengo hamahiru denboraldietan 294 golak lortuko zituena. 1950/51 denboraldiko bere 38 golak oraindik Ligako errekorra badira. 1943an Athleticek Liga/Copa del Generalísimo doblete egin zuen berriro eta 1944 eta 1945ean Errege Kopa irabazi.
1950eko hamarkadaren hasieran Athletic Clubeko aurrelari lerroa ospetsua izan zen: Zarra, Panizo, Rafa Iriondo, Venancio eta Gainzak osatua. Aurrelari hauei esker klubak beste Copa del Generalísimo lortu zuen 1950ean. Ferdinand Daučík entrenatzaile berriaren heltzeak klubeko garaipenak handitu zuen: 1956an beste doblete bat eta 1955 eta 1958 Copa del Generalísimo bi lortuz. 1956an klubak Europako Kopan debuta egin zuen, historiako Manchester Uniteden talderik onenetariko batek menderatua izana.

 1960ko hamarkada

1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetan lortutako garaipenak lortzeko, Athleticek atzerritar jokalariak lortzeko murrizteen laguntza izan zuen. Nahiz eta gehienetan taldeek hiru atzerritar baino gehiago ezin izan, Real Madrid edo FC Barcelona bezalako klubek iruzur egin zuten Alfredo Di Stéfano, Ferenc Puskás, José Santamaria edo Ladislao Kubala bezalako jokalariak nazionalizatuz. Athleticek, ostera, harrobi politikari ekin zion, malgutasun gutxi edo bat ere ez erakutsiz. Hori zela eta 1960ko hamarkadan, Real Madriden nagusitasuna azaldu zen, Atlético Bilbao taldeak 1969an Copa del Generalisimo bakarra irabaziz.
Hala ere, Athleticek aitona-amonen neurria ere erabili zuen, eta Bartzelonan jaiotako Armando Merodio fitxatu zuen. Alabaina, Txus Pereda, Miguel Jones edo José Eulogio Garate bezalako jokalariak fitxatzeari uko egin zion, jaiotzez euskaldunak ez baziren ere hirurak Euskal Herrian heziak eta Garateren gurasoak ere euskaldunak ziren. Hamarkada honetan Athletic Clubeko izar bat agertu zen: Jose Angel Iribar atezaina.

 1970eko hamarkada

1970eko hamarkadan Athleticek ez zuen arrakasta berreskuratu, hamar urtez Errege Kopa bakarra lortu baitzuen, 1973an hain zuzen ere. 1975eko abenduan, Real Sociedaden aurkako partida batean, Iribar eta Errealeko kapitaina zen Ignacio Kortabarriak ikurrina atera eta zelaiaren erdigunean kokatu zuten. Hauxe zen ikurrinaren lehendabiziko agerpen publikoa Francoren heriotzaren ondoren[1].
1977an Athletic UEFA Kopako finalera ailegatu zen, kanpoan lortutako golei ezker Juventusek menderatua izana. Hamarkada honetan ere Athletic Bilbao jatorrizko izena berreskuratu zuen.

 1980ko hamarkada

1981ean Athleticek Javier Clemente sinatu zuen entrenatzaile gisa. Honek laster osatu zuen historiako talderik onenetariko bat, Urkiaga, De Andres, Urtubi, Argote edo Zubizarreta bezalako harrobiko jokalari gazteak Dani edo Goikoetxea bezalako beteranoekin uztartuz. Bere lehendabiziko denboraldian, Clementek Ligako laugarren postua lortu zuen. 1983an klubak Liga bat eta 1984an beste Liga/Errege Kopa dobletea lortu zituen. 1985 eta 1986an Athleticek 3.a eta 4.a hurrenez hurren bukatu zuen txapelketa. Clementeren estilo oldarkor, defentsa eta eraginkortasuna bultzatu zituen.
Ordutik Athleticek ez du garaipen handirik izan. Jose Angel Iribar, Howard Kendall, Jupp Heynckes edo Javier Irureta bezalako entrenatzaileek ezin izan dute garaipenak lortu.

1990eko hamarkada

Clemente ondorengo entrenatzaile arrakastatsuena Luis Fernández izan zen, 1996an sinatuta. 1998an Ligan bigarrena izan zen, Champions League parte hartzeko sailkatuz. Fernandezek harrobiaren ikuspegi zabalaren onurak izan zuen: Athleticen jokatzeko ez zen beharrezkoa Euskal Herrian jaioa izan baizik eta Euskal Herrian hezia izatea. Horrela Salamancan jaiotako Patxi Ferreira edo Brasilen jaiotako Biurrun debutatu zuten. Roberto López Ufarte edo Benjamín, ostera, guraso euskaldunak izanda ere, ez ziren aukeratuak.
Klubak beste harrobian hezitako jokalariak, euskal harrobikoak ez baziren ere, fitxatu zituen. Horrela Bixente Lizarazu (klubeko lehendabiziko iparraldeko jokalaria) Ismael Urzaiz edo José Mari fitxatu zituen. Politika berri honek 1995ean eztabaida sortu zuen Athleticek Real Sociedadetik Joseba Etxeberria fitxatu zuenean. Jokalari hauek, Rafael Alkorta, Julen Guerrero edo Patxi Ferreira bezalako Athleticen harrobiko jokalariekin batera 1998ko arrakasta lortu zuten.

 2000ko hamarkada

Athletic Celta Vigoren aurka, 2005ean.
XXI. mende hasierako lehendabiziko urteak, Athletic historiaren txarrenetariko batzuk izan dira Errege Kopa emaitza txarrak izan ez ezik Ligako lehendabiziko postuetatik at geratu ere izan du. Lehen Mailan mantentzea lortu badu ere, Athletic bere historiako kirol-krisialdi nagusienetariko batean sartuta dago, beti sailkapeneko azken postuetatik irten ezinda. Adibidez, 2006/07 denboraldian bere historiako sailkapen posturik txarrena lortu zuen, 17.a izanda.
Hala ere, klubak baditu berri pozgarriak ere: alde batetik, 2002an sinatutako itun bati esker, emakumezkoen taldea sortu zuen, lau liga irabazi dituena; bestetik, harrobiak jokalari inportateak ere sortu ditu, tartean Yeste, Amorebieta, Iraola edo Llorente

No hay comentarios:

Publicar un comentario